http://busturialdea.hitza.eus/2017/07/03/munduko-arrozak-pasealekura-ekarriko-dituzte-hilaren-8an/
Zortzigarrenez, munduko arrozak jaialdia egingo dute Gernika-Lumon. Uztailaren 8an, zapatuz, egingo dute aurten kulturarteko festa. Ideasur, Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Astra eta Gu Gaztek bultzatuta, munduko arrozen bueltan jatorri ezberdineko gernikarrak batu gura dituzte Pasealekuan. Hartu emanak bultzatu asmoz antolatzen dute urtero topaketa gastronomiko hori, eta herritarrak Gernika-Lumoko eta herriko auzoetako aniztasunaz jabetzea ere badu helburu.
Txapelketa da antolatzen dutena, eta parte hartzen duen kuadrilla bakoitzak arrozagaz egindako plater bat aurkeztu beharko du. Gero, jatorri ezberdineko gernikarrek osatutako epaimaahaiak aukeratuko du denen artean zein den irabazlea.
Beraz, aurten ere ahalik eta kuadrilla gehien batu asmoz, parte hartzeko dei zabala egin diete gernikarrei. Parte hartu gura dutenek info@gernikagogoratuz.org helbidera mezua bidali beharko dute, izena, kontaktua eta pertsona kopurua zehaztuta. Horretarako azken eguna uztailaren 7a izango da, eta pertsonako euro bat eskatzen dute, antolakuntza gastuei aurre egiteko.
Taldea osotzerik ez dutenek antolatzaileekin harremanetan jar daitezke, beste talderen batean parte hartu ahal izateko.
Mahaiak eta aulkiak antolatzaileek jarriko dituzte, eta parte hartzaileek eskura edukiko dituzte arroz ekologikoa eta birziklatzeko platerak, azken horiek euro bat ordainduta.
Jaialdia girotzeko,bertsoak, kantaldiak, dantzak eta musika egongo dira zapatuan Pasealekuan.